XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zahatoak egiteak etorkizunik ez

Artisau hauek, gaur egungo ia artisau guztiek bezala, ilun ikusten dute etorkizuna. Jose Luis Barberok bere lanbidea kontatu digu.

Jose Luis Barbero Maeso Burgoseko herri batekoa da, Beloradokoa, hain zuzen ere.

Bilboko kale batean tailer txiki bat dauka eta zahatoak egiten ditu, horrela aiton-amona eta gurasoen lanbideari jarraituz. Uste dut familia tradizioa bada ere, nirekin bukatuko dela lanbidea. Honek ez du dirurik ematen, 58 urte ditut eta ez dakit erretiroa hartzera iritsi ahal izango naizen. Ez dakit zer gertatzen den, gazteoi ez zaizuela zahatoko ardoa gustazten edo zer.

Maiatza da salmenta gehien izaten den hilabetea, baina aurtengoa urteetan izan den txarrena da. Ekainak ere bide berbera jarraitu du.

Hamaika urterekin jadanik zahatoak josten nituen, eta orain arte. Nik dena eskuz egiten dut, zahato hauek eskuz jositakoak dira. Ez dut uste ni bezalako artisau asko geratzen denik. Orain zahato lantegietan josteko makinak eta beste erabiltzen dituzte. Horiek dira gure konpetentzia, eta oso gogorra gainera.

Egungo tresneria berriekin, artisau honek dituen zenbait gauza ez dira erabiltzen. Adibidez, olioa edo ardoa garraiatzeko antzina erabiltzen ziren zahagiak gaur egun dantza taldeek bakarrik erosten dituzte, edo bestela, erakustokiek edo kapritxoa daukan bakarren batek.

Ahuntz eta aker larrua erabiltzen dira zahatoak egiteko.

Larrua onduta erosten du, bere lokalean hori egiteko lekurik ez baitauka. Larru hori busti, moztu eta, josi baino lehen, bikea ematen dio, barrutik inpermeabilizatzeko eta zahatoak behar duen kontsistentzia izateko. Gero, josi eta kitto.

Jose Luisek dioenez, ardoarentzat ez dago ontzi hoberik, ez kristala ez eta garrafoia ere, larrua da hoberena.

Agian zahato bat edo bi salduko ditu egin batean, baina hurrengoan beharbada batere ez. Zahato bakoitza egiten hiru edo hiru ordu eta erdi pasatzen ditu. Eta salneurria 2.000 eta 4.000 pezeta bitartekoa izaten da. Zahagiek, berriz, 10.000 edo 15.000 balio izaten dute.